Hemen zaude

Sendaberri, Nuevos Paisajes Escénicos - Paisaia Eszeniko Berriak zikloaren udazkeneko programazioa abian da

Osteguna, Iraila 29, 2022
Zikloa Nafarroako Antzoki Sareak antolatzen du, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuarekin elkarlanean, eta 23 funtzio programatuko ditu udazkeneko denboraldian Nafarroan barna, urriaren 1etik azaroaren 13ra bitartean.
 
Sendaberri hitz joko bat da, gaztelania eta euskara nahastuz bide berriak esan nahi duena. Horixe da, hain zuzen ere, zikloaren helburu nagusia: Nafarroako Antzoki Sareko espazio eszenikoen programazioa aberastea eta osatzea, parte hartzen duten herrietako ikusleek bertan ohikoak ez diren proposamenez gozatzeko aukera izan dezaten.
 
Udaberrian zehar Nafarroako artisten presentzia nabarmena izan zuten 32 emanaldi programatu ondoren, urriaren 1ean Nafarroako konpainiak zein estatuko konpainiak nahastuko dituen udazkeneko programazioa hasiko da, Antzerki, Dantza eta Zirku garaikideko 23 emanaldi eskainiz. 
 
UDAZKENEKO PROGRAMAZIOA
Udazkeneko programazioa urriaren 1ean hasiko da Zizur Nagusiko Kultur Etxean, Teatro en Vilo konpainiaren "Hoy puede ser mi gran noche" ikuskizunarekin. Hainbat sari jaso dituen konpainia da eta erreferentea antzerki-sorkuntza berrian. Gero, Antsoainen, Noainen, Altsasun eta Mutiloan ere izango da ikuskizuna.
 
Quiero Teatrok, zirku ikuskizunen banaketan eskarmentu handiko enpresa nafarrak, estatuko bi ikuskizun ekarriko dizkigu: Nueveuno Zirku Konpainiaren “Suspensión” ikuskizuna, Berriozarren, Lizarran, Lodosan eta Ribaforadan ikusi ahal izango dena; eta La Gata Japonesa, zirku garaikidearen sorkuntzan erreferentea den konpainiaren “Los Viajes de Bowa”, Cintruenigon eta Berriobeitin ikusi ahalko dena.
 
Udaberriko programazioan izan ziren konpainia batzuek beren lanak beste herri batzuetan barna aurkezten jarraitzeko aukera izango dute. Hala nola, Danzai konpainiaren “Re-Des” dantza ikuskizuna Burlatara iritsiko da; Iluna Producciones-en “Con los ojos abiertos” Cintruénigo bisitatuko du, bezperan Miguel Hernandezen bizitzari buruzko errezitaldi-solasaldia egin ondoren; El Patio Teatro konpainiaren “Conservando Memoria” Corellan, Antsoainen eta Tafallan izango da eta In extremis eta Tanttaka konpainien “El Rey Tuerto” lana, Beriainera eta Lizarrara iritsiko da.
 
IKUSKIZUNAK EUSKARAZ
Aipaturiko “El Rey Tuerto”-ren bi data horiei hirugarren bat gehitu zaie, "Errege begibakarra" izenburupean, Berako herrian ikusi ahal izango den euskarazko egokitzapenaren estreinaldia. Euskarazko estreinaldiekin jarraituz, udaberriko egitarauan parte hartu zuen “La Reina del Arga”, Estefanía de Paz-en ikuskizuna, "Argako Erregina" izenburuarekin iritsiko da estreinako aldiz eta Lorena Arangoa aktore nafarra izango da protagonista. Urriaren 9an ikusi ahal izango da Irurtzungo Kultur Etxean eta ondoren Etxarri-Aranatz-era eta Lesaka-ra iritsiko da. Gainera, urriaren 30ean Iruñerrian lehen aldiz La Dramática Errante konpainiaren "Altsasu" ikuskizunaz gozatu ahal izango dugu Atarrabiako Kultur Etxean, euskarazko bertsioan.
 
SARREREN SALMENTA
Ikuskizun horietarako sarrerak parte hartzen duten gune eszeniko bakoitzaren ohiko  tokietan erosi ahal izango dira. Programazio osoa www.sendaberri.com webgunean kontsulta daiteke, edo Nafarroako Antzoki Sarearen webguneko agenda bisitatuz, non entitateko espazio eszenikoen gainontzeko programazioa ere kontsulta daitekeen.
 
Nafarroako Antzoki Sarearen proiektu hau Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Sailaren finantzaketari esker garatzen da (100.000 €), eta parte hartzen duten gune eszenikoen ekarpenak gehitzen zaizkio (96.000 €). Sendaberri programak 12 konpainiaren 55 emanaldi programatu ditu guztira 2022. urtean, Nafarroako Antzoki Sareko bazkide diren 29 herritan barna sakabanatuta.
 
X
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
10 + 9 =
Ariketa matematikoa burutu eta emaitza idatzi. Adibidez, 1 + 3, idatzi 4.