Zu Ere Bai!! - ¡¡Tú también!!

“Zu Ere Bai!! - ¡¡Tú también!!” kulturaren bidez egoera zaurgarrian dauden pertsonen bizitza hobetzeko asmoarekin sortu da. Kultura-proiektu irisgarria, herritarrentzako eskubide gisa sortua; ez karitate gisa, duintasun gisa baizik. Kultura zirrara da, sormena, osasuna. Azken batean, eraldatzailea da, eta, beraz, eguneroko gertakaria izan behar du pertsona guztientzat.

Kultura eragile indartsua izan daiteke herritarrek parte hartzeko eta gizartea eraldatzeko, gizarte gisa aurre egin beharreko erronken aurrean, batez ere berdintasun ezari dagokionez. Hortik dator gure programaren izena: “Zu Ere Bai!! - ¡¡Tú También!!”; arte eszenikoen diziplina guztiak biltzen ditu bere baitan. Programaren xedea da gizarte-loturak sortzea eta indartzea, beste mundu posible batzuk irudikatzea, eta gure sentsibilitate eta pentsamendu kritikoa garatzea.

Gure konpromisoa kulturarekiko

La Red de Teatros de Navarra – Nafarroako Antzoki Sarea (RTN-NAS) Nafarroako 33 udalek osatutako elkartea da. Udal horiek jokaespazio hornitua dute, eta arte eszenikoen programazio profesionala modu erregularrean eta egonkorrean eskaintzen dute. Helburu askoren artean, publiko berriak sortzea da erakunde honen xedea.

RTN-NASek duela urte asko hartu zuen kultura herritar guztiei zabaltzeko konpromisoa, erakundearen kultur eskaintza apartari, erakundeen konpromisoari eta udaletako programatzaileen ahaleginari esker.

Sare inklusiboa gara, antzokiak eta entzunaretoak gizarte-sektoreko erakundeekin eta oinarrizko gizarte-zerbitzuekin lotzen dituena, kultura irisgarria izan dadin. Badakigu kulturak hainbat oztopo ikusezin dituela; horren ondorioz, pertsona askok zailtasunak dituzte antzezlan bat edo erakusketa bat ikustera joateko. Bizitzen ari garen garaiotan, are gehiago saiatzen ari gara sozialagoak izateko borondatea duten pertsona eta erakunde guztiak hala izan daitezen; sozialagoak.

“Zu Ere Bai!! - ¡¡Tú También!!” izeneko programaren bidez, gizartearen eta kultura-erakundeen arteko muga tradizionalak lausotzen lagundu nahi dugu, muga horiek irekiagoak eta parte-hartzaileagoak izan daitezen, eta, horrela, pertsonek kulturarekiko duten benetako inplikazioa eta kultura-jabetzea ahalbidetzeko.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean onartutako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 27. artikuluak ezartzen duenaren arabera, pertsona orok du eskubidea erkidegoaren kultura-bizitzan askatasunez parte hartzeko eta arteez gozatzeko. 1978ko Espainiako Konstituzioaren44.1 artikuluak ezartzen duenaren arabera, botere publikoek kulturarako sarbidea sustatu eta babestuko dute, eta pertsona guztiek izanen dute horretarako eskubidea. Kultura Eskubideei buruzko1/2019 Foru Legearen printzipio inspiratzaileetako bat da: “Pertsona guztiek kulturarako irispidea izatea eta bizitza kulturalean libreki parte hartzea erraztera bideratutako ekintzak sustatu eta betetzea.” Aurkezten den proiektuaren asmoa da kultura eskuratzeko eta kultura-bizitzan partehartzeko eskubide hori bermatzea.

Proiektuaren helburuak

RTN-NASen asmoa da, kultura abiapuntu hartuta, gizarteratzea eta gizarte-eraldaketa sustatzea, gure jokaespazioen, gizarte-zerbitzuen eta udaletako gizarte-erakundeen lankidetzaren bidez. Gure nahia da kultura-ekipamenduen gizarte-inplikazioa sustatzea, izan ere gure iritziz horietan garatzen diren jarduerek funtsezko zeregina dute gizarte-paradigmaren aldaketan, eta benetako kultura-demokraziarantz eraman gaitzakete.

1. Nori dago zuzendua?

Proiektu honen onuradun izango dira programari atxikitako udalerrietan egoera zaurgarrian dauden edo gizarte-bazterkeria pairatzeko arriskuan dauden pertsona guztiak, adina, arraza, generoa edo gizarte-egoera edozein dela ere. Gure ateak irekiko ditugu kolektibo horiek gure ohiko kultura-programazioa eta -jarduera eskura izan dezaten.

2. Zer lortu nahi dugu?

Deialdi honen xedea da kultura-praktika eraldatzaileak orokortzea, herritarrek kultura-bizitzan eta esparru publikoan erabateko parte-hartzea izan dezaten, eta horrela, kultura-demokraziari laguntzeko. Gure iritziz, praktika eraldatzaileak dira:

  • Kulturaren bidez egoera zaurgarrian dauden pertsonen bizitza hobetzea.
  • Gure jokaespazioak gizarte-bazterkeria pairatzeko arriskuan dauden edo desgaitasuna duten pertsonentzat irekitzea.
  • Kultura-demokratizazioa sustatzea.
  • Kultura inklusiboa izan dadin, udaletako gizarte- eta kultura-zerbitzuak koordinatzea.
  • Kolektibo eta erakunde berberekin etengabe eta luzaroan lan egitea.
  • Gizartea kulturarako eskubidearen inguruan sentsibilizatzea.
  • Proiektua bistaratzea eta udalerri gehiago proiektuan sartzea bultzatzea.
  • Kultura-etxeen ekintzetan aniztasuna duten pertsonen protagonismoa sustatzea.
  • Langa ekonomikoa murriztea, ikuskizun eta jarduera ugari eskaintzeari utzi gabe.
  • Sarbide-oztopoak murriztea, jokaespazioak eta ikuskizunak premietara egokituta.
  • Herritarrak kultura-bizitzaren eragile aktibo bihurtzea, hartzaile huts izan ez daitezen.
  • Gizarte-lotura iraunkorrak sortzea.
  • Etorkizuneko kultura inklusiboko proiektuen sorrera bultzatzea.

Metodologia

LEHEN FASEA. Lan-dinamikak abian paratzea interesa duten udalerrietan:

  1. RTN-NASeko jokaespazioak beren herriko edo beren eremu geografikoko oinarrizko gizarte-zerbitzuekin koordinatuko dira, lan-metodologia ezartze aldera (eskaini beharreko sarra-kopurua, gonbidapenak izatea komeni den ala ez).
  2. RTN-NASek proiektuaren berri emanen dio Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuari, horrek ekimen honen berri eman diezaien gainerako gizarte-zerbitzuei.
  3. Parte hartzen duten jokaespazioek beren herriko gizarte-zerbitzuei jakinaraziko dizkiete beren kultura-agendak, behar besteko denborarekin.
  4. Gizarte-zerbitzuek zehaztuko dute nor diren proiektuaren xede.
  5. Proiektuaren erabiltzaile bihurtu diren onuradunak jokaespazioetara joanen dira sarrerak edo gonbidapenak jasotzera.

BIGARREN FASEA. Kolektiboen parte-hartzea:

  • Irisgarritasuna: talde bakoitzak bere beharrak jakinarazi behar ditu sarrerak eskatzen dituenean.
  • Inklusioa: gela berean talde bat baino gehiago badago, saiatu elkarrekin ez jartzen. Horrela parte sentituko dira.
  • Konfidentzialtasuna: ezinbestekoa da konfidentzialtasun horri eustea, eta sarrerak zein kolektibori dagozkion ez jakinaraztea.

HIRUGARREN FASEA. Jardueraren ondoren

  • Jarduerak irauten duen bitartean gorabeheraren bat gertatuz gero, horren berri eman behar da, berriro gerta ez dadin.
  • Esperientziaren emaitza aztertu, bai aretoko langileen bidez, bai oinarrizko gizarte-zerbitzuen bidez, programaren erabiltzaileekin harremanetan jarri ondoren.
  • Proiektua hedatzen jarraitu, ahal denik eta jende gehiengana iristeko.
  • “Zu Ere Bai - Tú También!!” programa aurkeztu.

Parte hartzen duten

Gure iritziz, kulturak barne hartzen ditu, eman dakiekeen izen zehatzaz haratago, parte-hartzaileen artean esperientziak eta ikuspegiak trukatzea ahalbidetzen duten jarduera guztiak, eta berarekin dakar herritarrak obraren ekoizpenean eta ezagutza artistikoetan inplikatzea; horrela, kulturaren bidez komunitatea eraikitzen da. Ulermen horretatik, kultura hainbat jakintza kontuan hartzen dituen hezkuntza-modu bat da. Kultura ez dago adin eta gaitasunen arabera banatuta, eta elkarlaneko eta lankidetzako ikaskuntza-prozesuen alde egiten du.

Kultura tresna ezin hobea da gizartea eraldatzeko; izan ere, bidea ematen du herritarrek hausnartzeko, partekatzeko eta erronkak definitzen eta ebazten parte-hartze aktiboa izateko. Aldi berean, erakunde, artista, bitartekaritza-talde eta erkidegoentzako topaguneak sortzeko aukera emate n du, horietan elkar aberasteko.

“Zu Ere Bai!! - ¡¡Tú También!!” programan parte hartzen duten udalerri guztiek lan-ildo horiek guztiak betetzeko asmoa dute:

  • Agoizko Udala
  • Aranguren Ibarreko Udala
  • Atarrabiako Udala
  • Berako Udala
  • Beriainko Udala
  • Berriozarko Udala
  • Burlatako Udala
  • Corellako Udala
  • Etxarri Aranazko Udala
  • Lodosako Udala
  • Noain - Elortzibarko Udala
  • Olaztiko Udala
  • Uharteko Udala
  • Valtierrako Udala
  • Vianako Udala
X
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
3 + 3 =
Ariketa matematikoa burutu eta emaitza idatzi. Adibidez, 1 + 3, idatzi 4.