Hemen zaude

Helburuak

RED DE TEATROS DE NAVARRA – NAFARROAKO ANTZOKI SAREA

'Nafarroako Antzoki Sarea' Elkartea 32 udalek osatzen dute. Udal horiek jokaespazio hornitua dute eta honako hauek bermatzen dituzte: arte eszenikoen ikuskizun profesionalen emanaldiak, laguntza teknikoa aretoan ikuskizun egunetan, kultura-kudeatzaile profesionala, aurrekontua kultura-jarduerarako eta programazio erregularra eta egonkorra. Nafarroako dantza eta antzerki konpainia profesionalen programazioan parte hartzen duten eta horrez baliatzen diren jokaespazioak Nafarroako Antzoki Sarekoak badira, sarearen protagonismoa agerikoa da eta hark ditu indar eta aukera gehien Nafarroan arte eszenikoen zirkuitu bat martxan jartzeko eta kudeatzeko orduan. Logikoa da sarea izatea entitaterik egokiena zirkuitu bat antolatzeko eta kudeatzeko, eta horrek Kultura Zuzendaritza Nagusiarekin sinatutako berariazko hitzarmen baten bermea edukitzea.

NASak Kultura Zuzendaritza Nagusiarekin gaur egun indarraldian duen hitzarmenean, Nafarroako Antzoki Sarea Elkartearen ondorengo xedeak ageri dira, besteak beste:

  • Arte eszeniko profesionalen eskaintza askotarikoa eta kalitatekoa sustatzea erregulartasunez, Sarera elkarturik dauden toki-erakundeen titulartasunekoak edo horiek kudeatzen dituzten barneko jokaespazioetan.
  • Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuarekin lankidetza sustatzea; izan ere, toki-erakundeek aipatu departamentuarekin partekatzen dituzte eskumenak arte eszenikoen arloan.
  • Publikoak sortzea, prestatzea eta leial bihurtzea bultzatzea arte eszenikoen arloan.

Nafarroako Antzoki Sarea Elkarteak xede horiek ezarri ditu arte eszenikoen sektorean parte hartzen duten eragileekiko lankidetza eta koordinazio handiagoa bilatuz, arrazionalizazio ekonomikoaren eta baliabideen optimizazioaren printzipioak abiapuntu hartuta.

Gaur egunera arte, Nafarroako Antzoki Sarearen programazioa bazkide diren jokaespazioek beren berezko programazioan jasotzen zituzten ikuskizun guztiek osatzen zuten, jokaespazio horien programazio- eta publiko-irizpideetan oinarrituta. Nafarroako Arte Eszenikoen Zirkuitua sortuta, kalitatea bermatua duten eta ahal izanez gero Nafarroakoak izanen diren proposamen eszeniko ausarten programazioa ere bultzatu nahi da, arestian aipatu dugun programazioa osatze aldera.

PROFESIONALENTZAKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA

Arte eszenikoak zabaltzeari dagokionez, kultura-politiken xedea publikoari ikuskizunik onenak eskaintzea da, kalitatea, gaurkotasuna, interesa eta berrikuntza biltzen dituztenak eta publikoa gogobetetzen dutenak, dibertitzen, emozionatzen dutenak eta inor epel uzten ez dutenak, pertsonek izan dezaketen onena hobetzen laguntzen dutenak. Horregatik, jarduera-ildoen artean publiko eta antzokiekiko, eta horietan edukiz hornitzeaz eta emanaldiak emateaz arduratzen direnekiko arreta dago, eta jakina, antzerki- eta dantza-konpainien lanarekiko eta horien ikuskizunekiko arreta. Arte eszeniko eta musikaleko ekoizpenak (ARTEM PRO deritzanak) babestera bideratzen diren diru-laguntzen deialdiaren asmoa da Nafarroako konpainia profesionalek baldintza onetan kalitateko ikuskizunak sortu ahal izateko laguntza ematea.

Inkesten analisia eta taldeen beste adierazpenen analisia uztartzen baditugu, agerian utziko digu zenbateko ahultasuna duten konpainiek arlo ekonomikoan, diru-laguntzak gorabehera. Konpainien ahuleziaren beste erakusle bat da deialdi horiek beraiekin dakarten administrazio-lan guztiari heltzeko duten zailtasuna, eta horrekin batera profesional izateak eskatzen dituen betebehar formal guztiak betetzeak dakartzan konplikazioak, profesional izatearen baldintza hori konpainia profesionalak osatzen dituzten enpresei eta talde artistiko, tekniko eta kudeaketa-taldeari aplikatuta.

Egia da arte eszenikoen sektorearen lana eta profesionalizazioa babesteko modua ez dela bakarra, alabaina ekoizpenei zuzeneko laguntza ematea da, zalantzarik gabe, guztietatik garrantzitsuena.

Nafarroako Arte Eszenikoen Zirkuitua martxan jartzeak herrialdeko konpainia profesionalen antzerki- eta dantza-ekoizpenen kalitatea hobetzeko helburua indartzen lagunduko du, xalotasunetik, bai formulazioan, bai garapenean.

DIRU-LAGUNTZEN DEIALDITIK JOKAESPAZIOETARA:UDAL PLATEA LOCAL

Diru-laguntzen xedea da udalek arte eszenikoetan eta musika-artean lantzen dituzten programazioei, publikoekiko bitartekaritza-jarduerei eta artisten egoitzei eta bestelako ekintzei babesa ematea, Foru Erkidegoan udal-titularitatea duten barruko eremu eszenikoetan arte eszenikoetako eta musika-arteko profesionalak kontratatuz.

ZIRKUITUAREN FILOSOFIA ETA HELBURUAK

Aurreko puntuetan egindako analisiaren ondoren, galdetu beharko genioke geure buruari zirkuituak zertan aldatuko duen arte eszenikoetarako beste edozein deialdi. Alegia, gainerako deialdiekiko zer ekarpen eginen duen Nafarroako Arte Eszenikoen Zirkuituak, zirkuitu hori eratzea justifikatuko duen zer ekarpena.

    • Kalitateko irizpideak. Honako hauen arabera ezarriak: lortutako sariak, beste zirkuitu batzuetan izandako presentzia, lortutako diru-laguntza eta laguntza publikoak edo pribatuak. Horrez gain, jasotako proposamenak baloratu eta iragaziko ditu propio eratuko den Batzorde Artistiko batek, eta zirkuituak definituko dituen irizpideekin hobekien uztartzen direnak aukeratuko ditu.
      • Interes artistikoko irizpideak: oinarri kultural, sozial edo hezigarria duten lanak sustatu entretenimendu hutsekoak direnekiko.
      • Egoera ahulenean dauden, minoritarioak eta irispide zailekoak diren arte eszenikoei laguntza eman. Dantza eta zirkua (aretoan). Ezinbesteko bultzada estra eman. Estatu-mailan horretan ere lanean ari dira.
      • Programazio arriskutsuen inguruan erabakiak hartzen lagundu jokaespazioei, publikoaren baitan kapital eszenikoa sortzea errazte eta ernatze aldera. Audientziei denboran zehar esperientzia estetikoak eta baliozko edukiak eraikitzea, birlantzea eta metatzea erraztuko dizkieten estrategiak.

RTN-NASeko bazkide den jokaespazio bakoitza besteekiko desberdina da, baita jokaespazio horietako publikoaren ohiturak ere. Jokaespazioaren larruan jartzen bagara, korapilatsua da holako edo halako antzerki-edo dantza-mota bat programatzea zure publikoak horretarako ohiturarik ez badu. Egoera horrek, eta asistentziari eta jasotako diruari buruzko azalpenak eman beharrak, leku korapilatsuan jartzen ditu programatzaileak proposamen ausartagoak kontratatzeko orduan. Hori dela-eta, Nafarroako Arte Eszenikoen Zirkuituak halako ikuskizun horietan aski erakargarria izanen diren kontratazio-baldintzak jarri beharko ditu mahai gainean, jokaespazio horiek halako ikuskizunak aukeratzeko laguntza eta motibazioa izan ditzaten.

Zirkuituak, funtsean, baliagarria izan behar du Nafarroan egitura profesional bat babesteko eta sortzeko. UDAL PLATEA LOCAL izeneko laguntzetan jokaespazioek beraiek aukeratutako profesionalak kontrata ditzakete, profesional horiek nongoak diren kontuan hartu gabe. Nafarroako Arte Eszenikoen Zirkuituak, aldiz, nagusiki Nafarroakoak izanen diren profesionalak eta konpainiak kontratatzea sustatu eta babestu beharko du.

Arestian aipatutako puntuak, Nafarroako Arte Eszenikoen sektorearen egoera eta Nafarroako Antzoki Sarearen egitura eta funtzionamendua aintzat hartuta, Nafarroako Arte Eszenikoen Zirkuituak, horrenbestez, dantza eta bestelako lengoaia berritzaileak sustatzea lehenetsi behar du, hainbat diziplina txertatuko duten, komertzialetik urrunduko diren, inklusiboak izango diren, gizarte-aferen eta genero-ikuspegiaren alde eta egoera ahulean dauden kolektiboen alde eginen duten, nahiz publiko berriak sortuko dituzten lengoaia berritzaileak sustatzea. Nafarroako Arte Eszenikoen Zirkuituak, hortaz, saiatu beharko luke komertzialak ez diren proposamen horiek sustatzen, horien programazioa korapilatsuagoa izaten baita.

Halako ezaugarria izanen dituen zirkuituak, elkartearen beraren arestian aipatutako xedeak betetzeaz gain, baliagarria behar du izan honako hauetarako:

      • Nafarroako Antzoki Sarea Elkarteko jokaespazioetan kalitatea bermatua duten dantza- eta antzerki-ikuskizunen (katalogo batean jasoak) zirkuitu bat sustatzeko.
      • Dantza eta bestelako lengoaia berritzaileak sustatzea lehenesteko, hainbat diziplina txertatuko duten, komertzialetik urrunduko diren, inklusiboak izango diren, gizarte-aferen eta genero-ikuspegiaren alde eta egoera ahulean dauden kolektiboen alde eginen duten, nahiz publiko berriak sortuko dituzten lengoaia berritzaileak sustatzea lehenesteko.
      • Zirkuituaren filosofia betetzen duten arte eszenikoetako konpainia profesionalak sustatzeko.
      • Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuarekin lankidetza sustatzeko; izan ere, toki-erakundeek aipatu departamentuarekin partekatzen dituzte eskumenak arte eszenikoen arloan.
      • Kalitateko nafar ekoizpenen presentzia handiagoa sortzeko.
      • Halako obratarako publikoak sortzeko, prestatzeko eta fidelizatzeko, sektore profesionala sortzen eta eskaintzen ari dena Nafarroan jokaespazio egokiak dituzten txoko guztietara eramanez, kalitate bermatuko parametroen barnean.
      • Sarearen dinamizazioan laguntzeko, programa berriak lantze aldera: jokaespazioak animatu modu koordinatuan eta sarean lan egitera, herrialdean arte eszenikoen zabalpenean ahaleginak eta ezagutzak aprobetxatzeko eta bat egiteko.
      • Lan-ildo berriak garatzeko, programan laguntzaileak izan daitezkeenak bilatuz.

Helburuak ez luke izan behar kanpoko produktuak kontratatzea, nahiz eta salbuespenak egon daitezkeen zirkuituen arteko erreminten edo erkidegoen arteko trukaketen kasuan. Horrela, hainbat helburu lortuko ditugu:

    • Beste erkidegoetako sare eta zirkuituekiko sinergiak sustatzea.
    • Nafar produktua esportatzea: Nafarroako konpainia bati bira egiteko aukera eman, eta Nafarroan beste erkidegoetako kalitateko edukia sortzea.
    • Beste erkidegoetako kalitateko programazioa sortzea.
X
CAPTCHA
This question is for testing whether or not you are a human visitor and to prevent automated spam submissions.
1 + 12 =
Ariketa matematikoa burutu eta emaitza idatzi. Adibidez, 1 + 3, idatzi 4.